XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. Gutuna GOIZEAN TRENEZ

Goizeko zazpirak dira. Trenean.

Eguzkia kristaleko garoaz bestaldean agertzen ari da erle multzo bat bailitzen.

Eserita, hiru apez burusoil, isilik, baina apostu eginen nuke mintzatzen hasiez gero latinez hasiko direla.

Arrain begiak dituen ikasle bat, unibertsitarioa agian, liburu pilo bat besapean.

Neskato bat, alkondara koloretsu eta gona oso laburrez jantzia, kristalezko untzi bat eskuetan, untzia mailubiz betea.

Pasiloan zutik xaboi usaineko militar bat.

Harantzago, atso bat goitik beherainoko lutoarekin eta egunkari meta baten gainean eserita.

Ia atean obrero bat, gau lanetik itzultzen dirudiena, sumindu aurpegiarekin.

Eta zu? galdetuko didazu, jende guziari erretratua egiten eta zer ematen duzu zuk? Ez dakit, baina ene burua zelan imajinatu nahi nukeen esanen dizut.

Hiztegietan eta geografia liburuetan sarritan grabatu batzu izaten dira, esate baterako baobab bat erakusten da eta, irakurleak zuhaitz moeta horren tamainuaz guti gorabeherako ideia ukan dezan, baobab alboan gizaseme bat grabatzen dute.